XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ibaiaren lehenengo errebueltak pasatu ondoren, esklabuek ezin izan zioten tentazioari eutsi, eta barruan zer ote zegoen begiratzea erabaki zuten.

Sua piztu, kokoa ixten zuen itsasgarria urtu eta ireki egin zuten.

Bat-batean ilundu egin zuen.

Haietariko batek zera esan zuen:

- Gureak egin du! Nagusiak akabatu egingo gaitu gure desobedientziagatik.

Hala ere, aurrera jarraitu zuten.

Bien bitartean emazte gazteak, etxean, zera esan zion senarrari:

- Gaua askatu egin dute.

Gauzak ez dira behar bezala egin.

Itxaron dezagun argitu arte, zelan jokatu erabakitzeko.

Egunsentiarekin batera, inguruan sakabanatuta zeuden gauza guztiak animalia, hegazti eta arrain bihurtu zirela konturatu ziren.

Otarre batetik jaguarra sortu zen; bere kanoan zihoan indio bat ahate bihurtu zen; lianak suge bilakatu ziren; ibaiaren erdian jausitako enbor batek jakarearen itxura hartu zuen; harri bat oinez hasi zen, dortoka bihurturik.

Haizearen eraginez uretara erortzen ziren basa fruituak arrain bilakatzen ziren: tanbakia, tukunarea, pirarukua edota jarakia horrela sortu ziren.

Oihaneko hotsetatik hegaztiak jaio ziren, hala nola kujubima, japiima, inhanbua, sarakura, akaua, uirapurua...

Suge Handiaren alabak hegazti sortu berriei deitu eta egunen hasierak alaitzeko agindua eman zien.

Geroztik txoriek xarma berezia eman diete beti oihaneko egunsentiei euren kantuekin.

Esklabuak lotsaturik heldu zirenean, nagusiaren errieta handia jasan behar izan zuten.

- Ez zarete fidelak izan.

Koko azala ireki eta gaua askatu duzue esan zien.

Gauza guztiak nahastu dira (...)